lunes, 17 de mayo de 2010

Gezurretan ibiltzeko unea


Ordua zen, jada gezurretan ibiltzeko unea heldu zen. Gorroto zuen urteko gau hura, baina edozer gauza egiteko prest egongo litzateke haurrak irribarretsu ikustearren. Agian irribarre batek iruzur guztiak estaltzeko ahalmena zeukan eta, beharbada hobe horrela pentsatzea, hobe horrela baretzea. Gainera, bere burugaineko aingeruak bihar goizean dena ahaztuta izango zuela esaten zion, taupadek erritmo naturala berreskuratuko zutela; deabruak, ordea, tontokeriak baino ez zizkion esaten. Azkenean, salto batez, ohetik altxatu eta arnasa sakon hartu zuen, logelako lasaitasun guztia irentsi ahal izango balu bezala. Nahiz eta ilun egon bazekien pare-parean armairua zeukala, bi pausu eskumara eman baitzituen, etxe horrek ez zeukan, ez, sekreturik Martinentzat. Apurka-apurka armairua zabaldu eta panpina eta kotxea hartu zituen.Orain aurrera egin behar zuen, alboetara begiratu gabe. Hamar pausu emandakoan dena bukatuta egongo zen, infernu hura paradisu bihurtuta. Jostailuak zuhaitzean utzi eta berriz ohera bueltan, begiak itxita gozo-gozo amets egitera. Martinek ahalik eta bizkorren bukatu behar zuela erabaki zuen, beraz, aurrera egin zuen astiro, zaratarik egin gabe. Dena primeran zihoan, jadanik logelatik irten eta korridorean zegoen. Hamar segundo baino ez zituen behar, hamar arnasestu soilik.


Dam, dam, dam

Bitartean, Ikerrek zerbait entzun baitzuen. Bera zen, ziur zegoen. Hala ere, nahiz eta korrika batean Olentzerorengana joateko gogoa izan, begi bakarra zabaldurik lasai asko itxaron zuen etzanda, izan ere, logelara sartuz gero lo zegoela pentsa zezan nahi zuen, aitak hamaika aldiz esana ziolako gabon-gauean itzartuta dauden mutil maltzurrei ikatza oparitzen ziela. Eta, noski, Ikerrek ez zuen horrelakorik nahi. Mutil txintxoa izan behar zuen gizonaren umerik begikoena izateko. Baina hain handia zen tentazioa…

Dam, dam, dam

Soinu berbera zen. Ezin zuen gehiago itxaron. Gorputzak bere kabuz pentsatzen zuen. Azkenean, hainbeste itxaron ostean bere idoloa agurtu ahal izango zuen. Gehiago itxaron ezinik arrapalada batean hurbildu egin zen. Pausu txikiak eman zituen, lurzoruak luma pila ematen zuen bere oinen azpian. Burua atetik atera zuenean Olentzerok ilea moztu zuela ikusi zuen, baita alkandora etxean utzi zuela. Hainbeste lanarekin janztea ere ahaztu ez zitzaion ba!

-Olentzero!- oihukatu zuen Ikerrek.

Baina, tipoaren begiradak umearenarekin topo egitean, xarma guztia airearekin joan zen, hautsa bezala. Aitaren antza zeukan, eta hori ezinezkoa zen. Ikerrek begiak igurtzi zituen, gorri-gorri utzi zituen arte. Ez zeukan itxura onik…

-Maitea, ni… ni, zera… Olentzerok bere lana bete ote zuen begiratzen baino ez nengoen…

Martini ez zitzaion ezer gehiago bururatu. Muskulu guztiak uzkurtu zitzaizkiola iruditu zitzaion. Gorputzeko ura desagertzen zegoen, hil zorian zegoen. Bata besteari begira zeuden, inoiz egin ez zuten bezala. Begiradak iraun zuen denbora luzea motz egin zitzaien aita-semeari. Pentsatzeko gauza asko zituzten.
Ikerrek ezin zuen sinetsi aita zenik eta bururatu zitzaion arrazoi bakarra jostailu guztiak berarentzat nahi zituela zen. Zer bestela? Bidegabekeria hura gelditu beharra zeukan.

-Aita, badakit zertan zabiltzan…

Hori bakarrik falta zuen Martinek, zazpi urteko umetxoak munduko gezurrik ilunena jakitea. Ez zekien zer esan. Edozein hitz soberan zegoen, edozein hitz esanda gehiago maltzurtuko zuen egoera. Berriz ere hil zorian zegoen.

-Badakit jostailu guztiak zuretzat nahi dituzula, konturatu naiz. Baina, lasai, bertan uzten badituzu ez diot ezer esango amatxori.

Uf! Umeen tolesgabetasunak salbatu egin zuen. Eskerrak guztiek ez dutela begi berdinekin begiratzen. Martinek bizia bere zainetatik sentitu zuen. Arnasa sakon hartu zezakeen. Atzamarrak mugitzen zitzaizkion. Indarra berreskuratu zuen. Orain, ohera joan nahi zuen. Dena ahaztu. Izerdia botatzeari utzi. Emaztea emekiro laztandu. Berehala zerbait esan behar zuen, guztia bukatzeko.

-Ba… beno… saiatu egin naiz… Hemen utziko ditut, laztana. Olentzerok barkatu nazala.

-Ez dakit ba, aita, dena ikusten du mendi gailurretik.

-Goazen ohera, Iker, Olentzerok oraindik opariak ikatzarengatik aldatu egin ahal dizkizu eta… mutil gaiztoak bakarrik egoten dira ordu honetan itzarrik.

-Baita guraso maltzurrak ere, aita.

Azkenik, ohera abiatu ziren, bakoitza berera. Musu handi-handia eman zion aitak Ikertxori, berriz ikusiko ez zirela ematen zuen. Maindirea gainetik ipini zutenean, biak oso harro sentitzen ziren: Ikerrek uste zuen Olentzerok laguntzaile izendatuko zuela horrelako mesedea egin ostean, Superman bezala sentitzen zen. Opariak bere lekuan utzi zituen, Grinch zitala geldiaraziz.
Beste alde batetik, Martinek lasai asko lo hartuko zuen, tortura bukatu zen eta. Gainera, zerbait berria ikasi zuen. Erabateko egia bakarra dago munduan: egia erlatiboa dela.