lunes, 17 de mayo de 2010

Gezurretan ibiltzeko unea


Ordua zen, jada gezurretan ibiltzeko unea heldu zen. Gorroto zuen urteko gau hura, baina edozer gauza egiteko prest egongo litzateke haurrak irribarretsu ikustearren. Agian irribarre batek iruzur guztiak estaltzeko ahalmena zeukan eta, beharbada hobe horrela pentsatzea, hobe horrela baretzea. Gainera, bere burugaineko aingeruak bihar goizean dena ahaztuta izango zuela esaten zion, taupadek erritmo naturala berreskuratuko zutela; deabruak, ordea, tontokeriak baino ez zizkion esaten. Azkenean, salto batez, ohetik altxatu eta arnasa sakon hartu zuen, logelako lasaitasun guztia irentsi ahal izango balu bezala. Nahiz eta ilun egon bazekien pare-parean armairua zeukala, bi pausu eskumara eman baitzituen, etxe horrek ez zeukan, ez, sekreturik Martinentzat. Apurka-apurka armairua zabaldu eta panpina eta kotxea hartu zituen.Orain aurrera egin behar zuen, alboetara begiratu gabe. Hamar pausu emandakoan dena bukatuta egongo zen, infernu hura paradisu bihurtuta. Jostailuak zuhaitzean utzi eta berriz ohera bueltan, begiak itxita gozo-gozo amets egitera. Martinek ahalik eta bizkorren bukatu behar zuela erabaki zuen, beraz, aurrera egin zuen astiro, zaratarik egin gabe. Dena primeran zihoan, jadanik logelatik irten eta korridorean zegoen. Hamar segundo baino ez zituen behar, hamar arnasestu soilik.


Dam, dam, dam

Bitartean, Ikerrek zerbait entzun baitzuen. Bera zen, ziur zegoen. Hala ere, nahiz eta korrika batean Olentzerorengana joateko gogoa izan, begi bakarra zabaldurik lasai asko itxaron zuen etzanda, izan ere, logelara sartuz gero lo zegoela pentsa zezan nahi zuen, aitak hamaika aldiz esana ziolako gabon-gauean itzartuta dauden mutil maltzurrei ikatza oparitzen ziela. Eta, noski, Ikerrek ez zuen horrelakorik nahi. Mutil txintxoa izan behar zuen gizonaren umerik begikoena izateko. Baina hain handia zen tentazioa…

Dam, dam, dam

Soinu berbera zen. Ezin zuen gehiago itxaron. Gorputzak bere kabuz pentsatzen zuen. Azkenean, hainbeste itxaron ostean bere idoloa agurtu ahal izango zuen. Gehiago itxaron ezinik arrapalada batean hurbildu egin zen. Pausu txikiak eman zituen, lurzoruak luma pila ematen zuen bere oinen azpian. Burua atetik atera zuenean Olentzerok ilea moztu zuela ikusi zuen, baita alkandora etxean utzi zuela. Hainbeste lanarekin janztea ere ahaztu ez zitzaion ba!

-Olentzero!- oihukatu zuen Ikerrek.

Baina, tipoaren begiradak umearenarekin topo egitean, xarma guztia airearekin joan zen, hautsa bezala. Aitaren antza zeukan, eta hori ezinezkoa zen. Ikerrek begiak igurtzi zituen, gorri-gorri utzi zituen arte. Ez zeukan itxura onik…

-Maitea, ni… ni, zera… Olentzerok bere lana bete ote zuen begiratzen baino ez nengoen…

Martini ez zitzaion ezer gehiago bururatu. Muskulu guztiak uzkurtu zitzaizkiola iruditu zitzaion. Gorputzeko ura desagertzen zegoen, hil zorian zegoen. Bata besteari begira zeuden, inoiz egin ez zuten bezala. Begiradak iraun zuen denbora luzea motz egin zitzaien aita-semeari. Pentsatzeko gauza asko zituzten.
Ikerrek ezin zuen sinetsi aita zenik eta bururatu zitzaion arrazoi bakarra jostailu guztiak berarentzat nahi zituela zen. Zer bestela? Bidegabekeria hura gelditu beharra zeukan.

-Aita, badakit zertan zabiltzan…

Hori bakarrik falta zuen Martinek, zazpi urteko umetxoak munduko gezurrik ilunena jakitea. Ez zekien zer esan. Edozein hitz soberan zegoen, edozein hitz esanda gehiago maltzurtuko zuen egoera. Berriz ere hil zorian zegoen.

-Badakit jostailu guztiak zuretzat nahi dituzula, konturatu naiz. Baina, lasai, bertan uzten badituzu ez diot ezer esango amatxori.

Uf! Umeen tolesgabetasunak salbatu egin zuen. Eskerrak guztiek ez dutela begi berdinekin begiratzen. Martinek bizia bere zainetatik sentitu zuen. Arnasa sakon hartu zezakeen. Atzamarrak mugitzen zitzaizkion. Indarra berreskuratu zuen. Orain, ohera joan nahi zuen. Dena ahaztu. Izerdia botatzeari utzi. Emaztea emekiro laztandu. Berehala zerbait esan behar zuen, guztia bukatzeko.

-Ba… beno… saiatu egin naiz… Hemen utziko ditut, laztana. Olentzerok barkatu nazala.

-Ez dakit ba, aita, dena ikusten du mendi gailurretik.

-Goazen ohera, Iker, Olentzerok oraindik opariak ikatzarengatik aldatu egin ahal dizkizu eta… mutil gaiztoak bakarrik egoten dira ordu honetan itzarrik.

-Baita guraso maltzurrak ere, aita.

Azkenik, ohera abiatu ziren, bakoitza berera. Musu handi-handia eman zion aitak Ikertxori, berriz ikusiko ez zirela ematen zuen. Maindirea gainetik ipini zutenean, biak oso harro sentitzen ziren: Ikerrek uste zuen Olentzerok laguntzaile izendatuko zuela horrelako mesedea egin ostean, Superman bezala sentitzen zen. Opariak bere lekuan utzi zituen, Grinch zitala geldiaraziz.
Beste alde batetik, Martinek lasai asko lo hartuko zuen, tortura bukatu zen eta. Gainera, zerbait berria ikasi zuen. Erabateko egia bakarra dago munduan: egia erlatiboa dela.

viernes, 12 de febrero de 2010

Basati sentibera


Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu zitzaion, ba, hari bat-batean?

Ilun zegoen, esperantzarik gabeko arima baino ilunago. Eta ez zuen ezer ikusten, begietan zapi bat balu bezala sentitzen zen. Eskuak luzatuta horma hotza nabaritu zuen, sentimendurik gabeko hitzak bezain hotza. Eskuak berotzeko asmoarekin bere aurpegian jarri zituen, odola nabarituz. Min zeukan, sekula baino min gehiago. Bakarrik sentitzen zen, eta egon ere. Beraz, eskuak belaunetan ondo estutuz amak bakarrik eman liokeen besarkada simulatu zuen.

Argi izpi batek momentu xarmant hura bortizki apurtu zuen, gelditzen zitzaion zorion apurra putzu sakon batean jaurtita. Argi zakar haren atzean gizon bat zegoen, zerbait esaten ari zen gizon bat:

-hem end uzuzu rejanar ia.

Aitorrek, txarto entzun zuelakoan, esandakoa berriz errepikatzeko eskatzen saiatu zen. Baina, alferrik, bere ahotsean hitzak lotsatiak ziren, isiltasuna zen soilik harropuztasunez aurrera zihoana. Gizonaren ahoan ere antzerako zerbait gertatzen ari zen, informazioa erdizka jasotzen baitzuen mutikoak. Ez zuen tutik ulertzen: ez aurpegian zeukan odola, ez hormaren hotza, ez gizonaren keinu erronkaria, eta are gutxiago hark esaten ziona.

Baina, gauza bat argi zeukan: lurrean jesarrita zegoen gorputz makala eta begirada galdua ezin ziren berarenak izan. Zerbait ez zebilen ondo.


-Utzi nire semea ikusten, arren!- oihukatzen zuen emakume babesgabe batek.

-Andrea, ezin duzu oraindik ikusi. Min egin ahal dizu.- esan zion gizonak autoritatez.

-Gutxienez, kontaidazu nola dagoen nire kuttuna.

-Basati bat ematen du. Benetako piztia.

-Ama baten maitasunak bakarrik senda dezake, ezin duzue hor bakarrik utzi, animalia gisa.

-Laster egongo da berriz ere zurekin, andrea, izan ere, hobe du ondo jartzea. Bestela, neurriak hartu behar izango ditugu.

Gizonak, ibilera ziurrarekin, bere bidean aurrera jarraitu zuen,atzean zeukan emakumea txikituz. Honi, saminak gero era gehiago itotzen zion bihotza, eta taupaden soinuak, semearen falta sumatzen zuenetik, erlojuaren lana egiten zuen, erreminaren erlojuaren lana. Barnean zeukan amorrua adore bihurtuta semea ikusi behar zuela ohartu zen. Isilean, ikusia izan gabe, 666.atera jo zuen.






Ez, berriz ez, argi madarikatu hori ez zuen berriz sentitu nahi Aitorrek. Ez zuen berriz ere gizon haren begirada ikusi nahi. Baina, oraingoan, begirada hura ez zen maltzurra, maitekorra baizik. Zeruko aingeru bat zirudien, elurra bezain zuri, irribarre dardaratia soineko zuelarik. Aitorri arraroena egiten zitzaiona aurpegi goxo hura ezaguna zuela zen, jaiotzerakoan ikusi zuen lehenengo gauza izango balitz, beti-betikoa.

-Se meama nau zuzatoz nirebesoe tara.

Zer zioen? Zer esan nahi zion? Emakumea, apurka-apurka hurbildu zitzaion, astiro, gorputzeko berotasunak ikaratu ez zezan. Besarkatu egin ziren, denbora izoztuz, malkoak bizi bihurtuz. Orduan, amak bere ezpainekin eztizko musua eman zionean, txikitan sentitzen zuen zirrara berbera zainetatik igaro zitzaion, beldur zenean lasaitzeko asmoz ematen zizkion laztanak gogoratuz. Hori da, bazekien nor zen Jainkosa hura: ama zuen, bere amatxo.

Bihotz zaurituek bakarrik ulertu ahal zuten momentu hura, bat-batean, Luziferrek bidali izan balu bezala, begirada maltzurreko gizonak gelditu zuen.

-Zeregi tendu zuhemen?

-Utzde zazueba kean, ezdaino lakobasapiz tiarik.

Berriz ere sentsazio hura, beste mundu batekoa balitz bezala. Ezer ulertzen ez zuenaren inpotentziak bultzatuta altxatu egin zen, gizonaren begirada maltzurra koldar bihurtuz. Horrek indar handiagoa eman zion sabanako lehoia zela sinarazteko. Hori dela eta, batek daki nola, bere gorputzak zeukan guztia askatzea eskatu zion, nolabait, horretaz desegiteko. Beraz, beste irtenbide bat aurkitu gabe, tentsio guztia gizonarengan askatu zuen. Bere gainean jarri eta norbait zela pentsatzen zuen, egiten zituen oihu bakoitzak Aitorri irribarre bihurtuz. Inork ezin zuen garaitu.

Ez, berriz ere argi hura. Heltzen zitzaion izpi bakoitzak pixka bat gehiago itsutzen zuen. Beste gizon bat zen, beste begirada maltzur bat. Honek eskutik heldu zion, gogor, barne-barneko zerbait aurkitu nahi izango balu bezala. Oraingoan, Aitor, gazela zen, lehoiak harrapatu berri zuen gazela. Indarrez, eta bere nahiaren kontra, zulo hartatik atera zuten, beste zulo handiago batera sartzeko.

Gizonak, halako batean, sakelatik pistola bat atera zuen, Aitorren buruan jarriz. Jadanik ez zuen ezer inporta, ezta amaren besarkadak ere. Jadanik basati batekin akabatu zuten. Basati baten bezala jaten, jotzen eta begiratzen zuen norbaitekin. Baina, aldi berean,ume baten arima zuen mutila hil zuten, pentsatzen eta sentitzen zekiena. Izan ere, bihotz ahul bat desagerrarazi zuten, inork ikusi ezin zuen bihotz bat.

Trafikoa, gure laguna



Zeharo ziur nago guztiok trafikoaren kontra gaudela, eta are gehiago hirietan arratsaldeko zortzietan sortzen diren auto-ilaren kontra, baina ez al daukagu guztiok kotxe bat garajean? Agian ez dugu hain gorroto.

Egia esan, erosoentzat egin den asmakizunik onena da, eta hori ezin da ukatu. Demagun 5 minutu barru lagunekin geratu zarela, argi dago korrika batean izerdi patsetan heldu beharrean denok nahiago dugula aire girotuarekin fresko-fresko joan, bestela, zertarako dauka Aita Santuak Papamobila? Beno, agian norbaitek esan dezake garraio publikoak bere erosotasunak dituela, eta ez da guztiz gezurra, baina zer diozue ordutegiei buruz? Autoa nahi duzunean, nahi duzun moduan eta nahi duzulako hartzen duzu eta, tamalez, Euskotrenak ez dauka ordutegi oso zabala.

Baina, beste edozein gauzak bezala, alde txarrak ere baditu. Adibidez, eguneroko kontua: “non demontre aparkatu dezaket?” adituek diotenez, aparkalekua ez da arazoa, bai ordea munduan martxan dauden kotxeak, beraz, betiko kontura helduko ginateke: trafikoa gorroto dugu, baina ez dugu ezer egiten hori aldatzeko.

Larritzeko beste kontu bat kutsadura da, batez ere akustikoa. Nahiz eta guk ia nabaritu ez, egunero zarata asko jasatera behartuta gaude. Espaloitik paseo bat emanez gero automobilak guregana etorriko balira bezala sentituko ginateke, zarata itzela ateratzen baitute gaur eguneko motorrek, eta are gehiago 20 urteko gazte batek gidatzen badu.

Azken finean, mundua nola doan ikusiz, ez daukagu kotxearekin eskutik bizitzeko baino beste erremediorik. Gure eguneroko ekintzak aztertzen hasten bagara zeharo aldatu beharko ginatekeelako. Sinetsi edo ez, gauza askoren menpean baikaude.